domingo, 18 de noviembre de 2007

Historia edota Ibilbidea

Otxandioko Gazte Asanbladaren hasierak aztertuz gero, 1995/96 urtetara jo beharko genuke, garai horretan hasi zelako jaiotzen. Hainbat gazte ez zeuden gustura bertako egoerarekin, gazte bakoitza bere koadrilan eta koadrila bakoitza bere airera ibiltzen baitzen tabernetan. Hau horrela, beste alternatiba bat topatu behar zala ikusi zuten, herriko gazte danen artien harremanak sendotzeko helburuaz. Beraz, bi bilera egin ziren eta gainera gazte asko bilduz, 80 inguru. Hala ere horretantxe geratu zen, asmo polit batean, ez baitziren gehiago batu. Baina honek Otxandioko Gazte Asanbladari hasiera bat eman zion. Hortik urte batera, berriz hasi ginen gazteok biltzen helburu berdinekin, beste alternatiba bat bilatzea beharrezkoa zen eta. Gazteok laster hasi ginen lanean: jaiak antolatzen herriari bizitasuna emateko, ekintza kulturalak aurrera eramanez, hitzaldiak burutuz, leku ezberdinetara irteerak eginez, etab. Gainera lan egiteko gogoa handia zenez gazte mugimendua aurrera joan zen, asanbladak herriko leku ezberdinetan eginez. Hala ere, ekintza xumeak izatetik ugariagoak eta indartsuagoak izatera pasa ziren, horrela gazteok argi ikusi genuen leku zehatz bat behar genuela guretzako, herriko beste talde kulturalek zuten bezala. Eta hor hasi zen gaztetxea lortzeko herriko gazteon borroka. Aukerak bi ziren: udaletxeari lokal bat eskatzea lehena eta bigarrena okupazioaren bidea hartzea. Hasiera batean udaletxearekin hizketan hasi ginen eta gure arazoa azaldu genien: herriko gaztiok lokal bat behar genuela batzeko eta gure ekintzak aurrera eramateko. Gure Udaletxearen erantzuna ezezko borobila izan zen, modu eskasean gainera. Hau ikusita eta dezepzio handia izan arren guk ez genuen etsi eta lanien jarraitu gendun. Gaztetxea izateko egokiak izan ahal ziren eraikin guztiak aztertu genituen, ala nola Mataderue, Zine zaharra, herriko hainbat etxe huts, etab. Hala ere, gure lehenengo pausue herriari galdeketa bat egitea zen, gaiean herriak ze iritzi zuen ikusteko. Emaitza gazteen aldekoa izan zen, herriaren emaitzak eskuan hartuta herriko alderdi politiko guztiekin bildu ginen banan-banan, eta azkenerako erabaki zen udaletxean pleno bat egitea eta hor azken erabakia hartzea. Plenoan gure planteamendua azaldu genuen, galdeketaren emaitza eta Gaztetxe izateko guk aurreikusitako posibilitateekin. Gainera Gaztetxeak martxan zeuden herrietako alkateen iritziak ere jakinarazi genituen, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta, Dima eta Legutiokoena, aldeko iritzia hain zuzen ere. Guzti honekin, plenoan Euskal Herritarron eta Eusko Alkartasunaren aldeko botoekin erabaki zen Otxandioko Alhondiga edo kartzela zaharra gazteei ematea eta horrela herriko Gaztetxea izatea. Momentu horretatik aurrera gaztiok jo ta su hasi ginen lanean Gaztetxean. Proiektu serio bat egin genuen arkitekto batekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritzia lortu genuen. Baina gure harridurarako Otxandioko Udaletxearen oniritzirik ez zuen izan. Kuriosoa benetan! Gauzak horrela, denborak aurrera jarraitu zuen eta tentsioak gora egin zuen gazte eta udaletxearen artean. Udaletxean beste pleno bat egin zen gazteeoi abixurik emon barik. Pleno honetan aurrez lortutako akordioa apurtu egin zen, Eusko Alkartasuna alderdiak atzera egin baitzuen. Gazteon asmoa ez zen inondik inora izan akordiorik apurtzea baina jarrera ikusita (trabak, gezurrak, bileretara ez agertzea&) argi gelditu zen udaletxeak ez zuela interesik gaiean. Hortaz okupazioaren bidea hartzea erabaki genuen asanblada baten. Aipatzekoa da tentsiozko garai hauetan gazteok ekintzetan gogor jarraitu genuela, alde batetik betiko ekintzak aurrera eramanez eta beste alde batetik gaztetxeko obrak aurrera eramanez. Gaur egun, hainbat urte pasa eta gero, gazteok tinko jarraitzen dugu gure gaztetxearekin. Argi ikusi da herriari aportazio onuragarria egin diogula eta Gaztetxea herriaren parte dela. Hainbat jai egin ditugu, hitzaldiak, errekak garbitzeko egunak jarri ditugu, irteerak& horrela gazteak mugitzea lortu dugu herriari bizitasuna emanez. Pozgarria da, gaur egun, gero eta gazte gehiago gaudela ikustea asanbladetan eta gainera gero eta gogo gehiagorekin lan egiteko. Hau horrela, ez digu bildurrik ematen etorkizunak. Bada urte batzuk Gaztetxiek bere atiek zabaldu ebazala eta orain esan geinke urte hauetan egindako biherra ez dala alperrikakoa izan. Hasiera batean eukitako helburuak aurria eroateko gai izan gara gizartearen talde aktibo bihurtuz.